Euskadin bizi den Abdoul Aziz Thiam artista senegaldarrak material birziklatuekin eraikitako eskulturen eta pinturen erakusketa aurkezten du. Sinbologia gizartean partekatzen dugun hizkuntza dela onartu eta horren inguruko hausnarketa egiten du artistak Tribal Ikurrak lanean.

Abdoul Aziz Thiam Medinan jaio zen (Senegal) eta bere lehen haurtzaroa Dakarraen pasatu zuen, sinesmen erlijioso indartsua zuen familia baten baitan. Bere aitona-amonen bitartez kultura afrikarraren ohiturak bereganatu eta sinktretismo erlijiosoa ikasi zuen.

8 edo 9 urterekin eta zenbait egoera familiarren –sozialen zein erlijiosoen –  ondorioz bere ingurugirotik irten behar izan zen eta kale gorrian bizirauten hasi. Horixe izan zen halabeharrez bere formakuntza autodidaktaren hasiera.

14 urte zituela Dakarretik ihes egin eta Goree-ko irlara (esklabuen merkatuko antzinako espetxea)  joan zen babes bila. Bertako gizartea abegikorragoa zenez, irlan bizirautea ez zitzaion hain gogorra egin. Inguratzen zuen guztia xurgatzen zuen belaki baten antzera, bere gaitasunak geroz eta gehiago garatuz. Zaramaren ingurugiro marginaletan bizi izan zen; eta, bertan, jabetu zen kontsumo-gizarteak baztertutako objektuen balioaz. Gutxinaka lekua egiten joan zen zarama guzti hartan; kaosa txukuntzen zihoan ahala objektuak aukeratu, desberdindu eta gordetzen zituen. Eta, horrela, konturatu zen irlan truke-balioa zuten materiala zela hura.

Turistei beren artea saltzen zieten artisten pinturak  adibidetzat hartuta, pintatzeari ekin zion. Horri eta bere sozializazio gaitasunei esker (atsegina zen eta nolabaiteko xarma berezia zuen) pertsona preziatua eta  maitatua bilakatu zen Goreen.

Irlaren historiak erakarritako turista amerikarrekin eta europarrekin komunikatu ahal izateko ingelesa ikasi behar izan zuen. Giro horretan lortutako kontaktuei esker Europara iritsi zen: Suedia, Frantzia eta Italia. Duela 5 urte Espainiara ailegatu eta nekazaritzaren sektoreko esplotazioaren biktima izan zen, bere herrikideen gehiengoa bezala. Valentzian gaztelania ikasten ari zela feminismoa bezalako gaiei buruz eztabaidatzeko aukera izan zuen. Irrati askeen programetan edota jaialdi artistikoetan ere aritu zen. Duela hilabete batzuk Euskal Herrira iritsi zen, bere lan artistikoa eta baserriko eginbeharrak batzen diren lurraldera.

Goreeko iraganeko ezagutza ilun eta tristeek eragin zuten irlaren historiaren zabaltzaile amorratua bilakatzea; bai eta giza-eskubideekiko injustizien aurrean etengabe borrokatzea. Bere burua antikolonialistatzat eta antiesklabistatzat du, panafrikanismoa eta kultura afrikarra defendatzen dituelarik. Bere esanetan, Afrikako historia bertokoen eskutik kontatu beharreko zerbait da, baina oraindik egin gabe dagoena.

Euskarazko hitz batzuk ezagutzen ditu eta ingelesez, frantsesez eta erdaraz ere badaki. Ama-hizkuntzak Golofa eta Fula ditu, baina bere obren lengoaia plastikoa sinbologia da. Hori baita bere ustez, oinarrizkoa eta unibertsala gizakien arteko komunikazioan. Sarritan, bere ideien transmisiorako materia eta bitartekoak zaramatik ateratzen jarraitzen du.

 

 

 

Shares

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookiesMás información

ACEPTAR
Aviso de cookies
X