Auzoko zaporeak San Frantziskoko jakiak, usainak, koloreak eta istorioak dira. 

Datozen hilabeteetan jarduera programa hau aurrera eramango dugu, janariaren bitartez, kultur aberastasuna ospatu eta bizi esperientzia ezberdineko pertsonen arteko elkar ezagutza sustatzeko.

Proiektu honen helburu nagusia errezetario kolektiboa eraikitzea da, San Frantzisko auzoan aurki ditzakegun jatorri geografiko  eta kultural ezberdinetako errezetak bilatuz eta jasoz.

Zergatik jarri dugu arreta janariarekin erlazionatzen diren istorioetan?

Sukaldaritza munduko lurralde eta herrialde ororen kultur herentziaren igorlea da. Gure auzoan egunero prestatzen diren eta gure bizilagunak elikatzen dituzten errezetak familia eta pertsona bakoitzak beregan daraman memoria biziaren parte dira. Errezeta hauek ikusaraztea eta elkarbanatzea elkargunerako eta elkar ezagutzarako tresna indartsua izan daiteke.

Euskal Herrian garrantzi berezia dauka honek: gastronomiak berebiziko protagonismoa du gurean, eta horregatik, gure kultur identitatea eraikitzen duten sukaldaritza eta errezeten moten espektroa handitzea behar beharrezkoa suertatzen da, gaurkotzeari eta errealitate ezberdinak ikusarazteari dagokionez.

Jateak sukaldearen eta elikagaien jakintzekin erlazionatzen gaitu, historikoki emakumeen jakintzak izandakoak. Errezeta bilduma honen helburua goi sukaldaritzaren erreferenteetatik aldentzen da. Etxeen gastronomiaren heroitasuna aldarrikatu nahi du: egunero, besteak elikatzeko, jakiak txikitu eta prestatzen dituzten ama eta amamen heroitasuna aldarrikatu nahi du. Errezeta bilduma honetan, esparru pribatuan zokoratuak egon ohi diren emakumeen egunerokotasuneko jarduerek espazio publikoa okupatu nahi dute, gogoetarako gonbitea luzatuz: emakumeen jakintzen estatusari buruzko gogoeta, lurralde anitzen potentzialtasunari buruzko gogoeta, elkargunerako espazioen beharrari buruzko gogoeta.

Proiektu hau gauzatzeko, San Frantzisko auzoa kolaboraziora deitu nahi dugu. Bertan bizi edo lan egiten duten pertsonek, familia jatorria auzoan dutenek edo auzoarekin modu baten edo bestean erlazionaten direnek, Auzoko Zaporeak errezeta bilbudma kolektiboan parte hartu dezakete. Inprimaki hau on line betez  edo eskuz idatzita eta Sareanen jarri dugun postontzian utziz. 

* Auzoko Zaporeak Bilboko Udalak antolatutako “Gazte balioak martxan” lehiaketaren proiektu irabazleetako bat da. 

Shares

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookiesMás información

ACEPTAR
Aviso de cookies
X