Sareanen mota askotako aldaketak jazo dira urte honetan. Dakizuenez, urtarrilean espazioa berrireki genuen zenbait hilabetetan itxita egon ostean eta martxa berria lankide berriekin hartu genuen: ordutik, Garagarri kooperatibak (Juan Carlos Mugak eta Boga Garagardotegiak) gidatzen du jatetxea.

Urtarrileko hasiera berriak, proiektuaren beste zenbait esparru birpetsatzeko gogoa piztu zigun Sareanen inguruan gauden eta Sarean osatzen dugun pertsonengan. Sareanen irudia eguneratzeko eta freskatzeko beharra sentitu genuen, baina logoaren gainean lan egiteaz gain, proiektu osoaren kontakizunaren inguruko gogeta sakona egin nahi genuen: proiektuaren komunikazio kanalak eta formatuak, ikusarazteko modua, Sareanetik sortzen diren proiektu ezberdinen arteko koherentzia (Gau Irekiarekin, adibidez)… Finean, Sarean nola kontatu.

Prozesua martxan jartzeko Eider Corralekin batera lan egiteko erabakia hartu genuen. Eider Corral kultur proiektuen eta kultur marken estrategia kreatiboetan espezializatua da, estatu mailan kultur diseinuaren esparruan esperientzia handienetarikoa duen pertsona. Eiderrekin analisi fase zorrotza habiatu genuen, hurrengo hilabeteetan luzatuko zen elkarlanari hasiera emanez. Zer da gure web orrian, sare sozialeta, proiektu dossieretan aurkitzen dena? Nola hitz egiten dugu Sareani buruz? Nola definitzen dugu gure burua? Nola azaltzen dugu Gau Irekia zer den? Elkarrizketa eta eztabaida luzeetan, Sarenen hurbilekoen artean ikuspegiak partekatu genituen: koordinatzaileak, asanbladan parte hartzen duten bazkideak, langileak, etab.

Zenbait ideia, kontzeptu eta hitz sarritan agertu ziren gogoeta haietan, eta horrekin batera, beharrezkoa sentitu genuen prozesu honen irekitzea. Helburua Sareanen kontakizuna esperientzia kolektiboaren bitartez eraikitzea zen, egunero espazioa aberasten duten bizilagunen, lagunen, kolektiboen eta elkarteen ahotsetatik elikatzea.

Horretarako, Eider Corralek diseinaturiko eta Curruscuk erregistratutako tailerra antolatu genuen. Tailer honetan espekulazio eta imaginazio kreatiboko ariketak erabili genituen, proiektua begiratzeko, pentsatzeko eta bizitzeko modu ezberdinak marraztu genituen. Lan saio honetan Sareanekin modu oso ezberdinetan erlazionatzen diren pertsonek parte hartu zuten: proiektua 90. hamarkadan ezagutu zutenak, duela gutxi Sareanera hurbildu direnak, Gau Irekian parte hartu duten artistak, espazioko aktibitateetan parte hartzen duten bizilagunak, auzoko gizarte ekintzailetzan lanean darabilten elkarte eta kolektiboak, etab. Tailerraren ondorioen analisiak Sareanen proposamen narratibo berria izango zenaren oinarriak argitzen eta sendotzen lagundu zigun.

Ariketa kolektibo honez gain, Curruscuk, bideogintza sozialean espezializaturiko bilboko estudioak, sare sozialen kudeaketarako tailerra burutzeko proposatu zigun. Helburua, proiektuaren definizioan oso presente dagoen hori ikusarazten eta kontatzen ikastea zen. Gastronomia, San Frantzisko auzoa, gure inguruan dauden ohiko kolaboratzaileak diren elkarteak, taldeak, dendak. Ikuspuntu teknikotik sare sozialen erabilera hobetzea zen nahia, baina batez ere gure proiektuaren egunerokotasunaren parte den hori bisualki irudikatzen ikastea.

Hilabete honetan Sareanen laugarren urteurrena ospatuko dugu, eta horregatik, atzera begiratu eta urte luze honetan egindako lana zuekin partekatzeko une aproposena dela uste dugu. Erronka berriei aurre egin diegu, gogoetak eta hasierak bizi izan ditugu; Sareanen eta Gau Irekiaren logoak aldatu dira, baina aldaketara eraman gaituen prozesuak zerikusi handia dauka urteetan proiektuan indarrez dirauen horrekin: kolektibotasuna, kolaborazioa, gure auzoaren aldarrikapena, gure testuinguru kulturala, artistikoa, soziala, erreibindikatzailea.

Eskerrak bihotzez Carmen, Marra, Ane, Garbi, María, Urtzi, Beti, Isa eta Birdyri, gogoeta egiten laguntzeagatik eta elkarrekin imaginatzeko beti prest egoteagatik.

Uso de cookies

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookiesMás información

ACEPTAR
Aviso de cookies
X